Generoa garapenean

Politica de género

Bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa den gizartea eratzeko konpromisoa hartu dugunez, garapenerako hezkuntzan, lankidetzan eta sentsibilizazioan egiten dugun lanean, nagusi den garapen-eredua jartzen dugu kolokan eta berdintasunezko giza garapena eskatzen dugu. Bertan, hain zuzen ere, gizon eta emakumeen giza eskubideak errespetatu behar dira, eta euren interesak zein premiak hartu behar dira kontuan. Mundubat-ek garapeneko generoaren ikuspegian oinarritutako lankidetza egin nahi duenez, garapen-eredu berria zehaztu beharra dago emakumeen partaidetza aktiboaz, gaur egun gizon eta emakumeen artean dauden botere-harremanak erabat aldatzeko.

Hori dela eta, bi lan-lerro estrategiko zehaztu ditugu: batetik, generoaren ikuspegiak gure proiektu eta programetan duen zeharkakotasuna; eta, bestetik, emakumeen jabekuntza sustatzeko ekintza bereziak. Era berean, erakunde feminista bat eta/edo emakumeen erakunde bat dugu bazkide estrategiko moduan gurekin lan egiten duten herrialde guztietan. Horrez gain, itunak ezarri ditugu hegoaldeko zein iparraldeko mugimendu feministarekin. Mundubat-ek Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxan parte hartzen du, baita Bizkaiko Azaroak 25 / Martxoak 8 Koordinakunde Feministan ere.
Política de género

Apustu horren ondorioz, Mundubat-ek bere Genero Politika  du, eta 2006-2009ko Estrategia Orokorraren esparruan dago kokatuta. Hain zuzen ere, erakundean bertan zein bertatik kanpo genero-berdintasuna lantzeko konpromiso irmoa da.

Berdintasunezkoa den giza garapen iraunkorraren alde lan egitean, genero-berdintasuna zeharkakotu behar dugu geure proiektu eta programetan, baita geure erakundean bertan ere. Horretarako, aldaketak sustatu behar dira erakundearen egituran, prozesuetan eta kulturan. Hori dela eta, erakundea berdintasunaren alde aldatzen hasi gara, generoa kontuan hartzen duen erakunde-estrategia eratzeko, erakundean bertan nahiz erakundetik kanpoko zereginetan genero-desberdintasunak desagerrarazteko eta printzipio feministetan bete-betean sinestean abian jarri nahi dituen erakunde moduan sendotzeko.

Mundubat-entzat erronka kilikagarria da erakundearen funtzionamenduan eta garapenerako hezkuntzan, lankidetzan eta sentsibilizazioan egiten dugun lanean printzipio eta balio feministak kontuan hartzea. Jakin badakigu bidea luzea bezain neketsua dela, baina horrelaxe jokatu behar dugu, guztion eskubideak bermatzen dituen mundu bidezko eta berdintasunezkoagoa eratu nahi badugu.

Mundubat-en genero-politika (PDF)