Gazte sahararrak nazioarteko komunitateari: «Ahalmena, ahotsa eta indarra dugu, eta elkarrekin gure xedeak lortuko ditugu»

 

“Imajina ezazu zu eta biok bizilagunak garela eta nik zure etxea gustuko dudala.

Eta, zu baino handiagoa eta indartsuagoa naizenez gero, zure etxea kentzen dizudala.

Eta, gainera, beste bizilagun bati zure logeletako bat ematen diodala, oporretan erabili dezan.

Eta beste bizilagun bati sukaldea uzten diodala, nahieran erabiltzeko.

Esaidazu… Ez al zinateke indargabe sentituko?”

Maria Blal gazte sahararrak proposatutako enpatia ariketa da hori. Maria Dajlan bizi da, Tindufeko (Aljeria) sahararren kanpamenduetako wilaya (probintzia) batean. AFAPREDESArekin batera (Saharako Preso eta Desagertuen Senideen Elkartea) sustatu ditugun giza eskubideen formazioetan parte hartu du Mariak. Osotara, lau hezkuntza zentroetako 128 gaztek parte hartu dute. Bi zentrotan, Giza Eskubideetarako Pedagogian espezializatu dira eta, beste bietan, Giza Eskubide eta Komunikazioan.

Gainera, uztailean ia bi aste iraun duen bira bat egiten egon da gurekin Maria. Bira horretan, Europako hainbat hirietara bidaiatu dugu gazte sahararrek jasaten dituzten giza eskubideen urraketak salatzeko. Ginebra, Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Madrilen izan gara.

María Blal (ezkerrean) Hachra eta Sukaina adiskideekin ‘9 de Junio’ Pedagogia Zentroan. Argazkia: Nuria Gonzalez.

Bi urteko lan nekezari amaiera bikaina eman diogu bira horrekin. “Formazioen xedea gazteek euren giza eskubideak ezagutzea eta aldarrikatzea izan da”, adierazi du AFAPREDESAko presidente den Abdeslam Omarrek. Horregatik, bira egin duen talde sahararrean, bide luzeko pertsonak egoteaz gain (Amdeslam bezala), ekintzaile eta kazetari gazteak, giza eskubideen formatzaileak eta ikasleek ere parte hartu dute. Bidaia horretan parte hartu dute ere Fernando Lorenzok, Mundubatek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan egiten duen lanaren koordinatzailea, eta Kavita kapur ikerlariak, birako hirietan “Giza eskubideen ameskeria: Gazte sahararrak eta Mendebaldeko Saharako okupazioa” txostena aurkezteko.


Ginebra: Nazioarteko komunitateari deia

Sahararren taldea Nazio Batuen Erakundeak Ginebran duen egoitzaren aurrean. Argazkia: Elena Rusca.

Talde sahararrak Ginebran egin zuen lehenengo geldialdia eta bertan aurkeztu zuen Kavita Kapur giza eskubideen ikerlariak Mundubat Fundazioarekin batera eginiko txostena. Ikerketa hori 2018ko ekaina eta abenduaren artean garatu zuen: “Txostenak gazte sahararrekin izandako 174 elkarrizketetatik ateratako lehen mailako informazioarekin egin dugu: Okupatutako Mendebaldeko Saharako 65 lagun; Aljeriako kanpamenduetan bizi diren 66 pertsona; POLISARIO Fronteak kontrolatutako Mendebaldeko Saharako 13 lagun; eta Estatu espainiarrean bizi diren diasporako 30 pertsona”, zehaztu du Kapurrek. Ikerketa horrek, gazte sahararren eskubideen urraketa egoerak jasotzeaz gain, hainbat aktorek egoera horren aurrean dituzten erantzukizunak biltzen ditu eta prozesuaren gelditasuna ekiditeko gomendioak ematen ditu. Erantzukizunen artean aurkituko ditugu, esaterako, Marokok bere burua indar okupatzaile gisa onartzea eta okupatutako lurrak uztea, edota espainiar Estatuak beharrezkoak diren mekanismo juridiko eta politikoak martxan jartzea Mendebaldeko Saharako deskolonizazio prozesua aurrera eramateko.

Fernando Lorenzoren hitzetan, txostenerako egindako elkarrizketek “isilarazi nahi dituzten istorioak” biltzen dituzte. Horregatik, Mundubat Fundazioak Saharaconderechos.org plataforma sortu du ere. Online espazio horrek publiko orokorrak ulertu ahal izateko hizkuntzan azaltzen ditu hainbat testuingurutako gazte sahararren istorioak eta bizipen bakoitzean jasan dizuten eskubide urraketak salatzen ditu.

“Marokoko Erreinuak bere legeak inposatzen ditu Lurralde Okupatuetan, entzungor eginez Ginebrako Hitzarmenei”, gehitzen du Abdeslam Omarek. AFAPREDESAko presidenteak Nazio Batuen Erakundeko 1960ko abenduaren 14 Batzorde Orokorrean adostutako 1514 ebazpenari aipamena egiten dio, herri eta herrialde kolonialei independentzia ematearen eta herrien autodeterminazio printzipioaren inguruan darabilena.

Beraz, hiri suitzarrera eginiko bisitak ez zuen soilik txostena aurkezteko balio izan. Nazioarteko komunitateari Mendebaldeko Saharako egoeraren aurrean duen isiltasun konplizea gogorarazteko aukera ere izan zen, eta Saharako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea betearazteko ahaleginak egiteko eskatu genion. Besteak beste, Hassanna Mohamed Mahmoud Aalia ekintzaileak Giza Eskubideen Kontseiluko 41. saioan hitz egin zuen:


Gasteiz: Bide luzeko erakusketa ibiltari baten hasiera

Antonio Montoro, Mundubateko Koordinatzaile Orokorra, argazki erakusketa aurkezten Gasteizen.

Ginebratik, aktibisten taldeak Gasteizera bidaiatu zuen txostena Arabako eta bertako hiriburuko erakunde publikoei aurkezteko. Txostena era irekian ere aurkeztu zen “Zutik hautsa eta harearen artean: gazteak herri sahararraren eskubideen alde” ” argazki erakusketa ikusgai dagoen areto berean. Erakusketa horrek bi urtez AFAPREDESArekin batera egindako giza eskubideen formakuntza prozesua biltzen du.

Nuria González fotokazetariak bi bidaia egin zituen sahararren kanpamenduetara, formakuntzen garapena dokumentatzeko. “Erakusketak 48 irudi ditu osotara, lau zatitan banatuta”, dio Gonzalezek, “Lehenengo zatiak gazte sahararren erretratuak ditu, haiek baitira erakusketaren ildo nagusia; beste hiru zatiak formakuntzak izan dituzten zentroetan oinarrituta daude.”

Halaber, erakusketak formazioetan egindako ikus entzunezkoak biltzen ditu. Bertaratzen direnek kanpamenduetako gazte sahararrek sortutako rap bat entzun ahal izango dute, baita Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen espoliazioa salatzen duen bideo bat eta giza eskubideak sustatzeko gazteek sortu duten irratsaio bat.

Erakusketa Gasteizen dago ikusgai uztailaren 28ra arte. Ondoren, Donostian eta Bilbon izango dugu.


Donostia: Epaiketa baten ebazpena bira erdian

Nazha El Khalidi Mendebaldeko Saharak jasaten duen hedabide blokeoaren inguruan hitz egiten Donostian.

Uztailaren 8an, erakunde publikoekin bildu ginen Donostian eta hitzaldi bat antolatu genuen bertako SEADen Lagunak Elkartearekin. Egun hartan bertan, hitzaldiko partaide eta kazetari den Nazha El Khalidi Marokoko Justiziaren epaiketa baten ebazpenaren zain zegoen.  El Khalidi epaiketa prozesu baten erdian zegoen 2018ko abenduaren 4an martxa bat grabatu izanagatik Aaiun okupatuan. Egun hartan jakin zuen 4.000 dirhams (400 euro inguru) ordaindu beharko zituela grabaketa horiengatik. Atxilotu behar ez zutela ospatu bazuen ere (bi urte arteko zigorra izan zezakeen), El Khalidik donostiarren aurrean salatu zituen Marokoren ahaleginak kazetari sahararrak kriminalizatzeko: “Marokok burdinezko eskua erabiltzen du independentziari buruzko edozein adierazpen isilarazteko”, kritikatu zuen El Khalidik. “Mendebaldeko Sahara Okupatuan blokeo mediatiko eta militarra dago, autodeterminaziorako eskubidearen inguruko edozein aldarrikapen itotzeko, aldarrikapen baketsuak badira ere.”

Zoritxarrez, kazetariak dioen bezala, ez da kasu isolatua. Hain zuzen ere, Mendebaldeko Sahara Okupatuan bizi diren sahararrek etengabeko larderiak, zelatak eta erasoak jasaten dituzte: “Aaiun okupatuan jaio nintzen eta bertan ikasi nuen, eta ordutik bazegoen ikastetxea poliziaren autoz beteta; umea izanik ere zelatan zeuden denbora osoan.”

Saharako gazteriak ez ditu halako egoerak normaltzat hartu nahi eta komunikabideak erabiltzearen aldeko apustua egiten du egunero gertatzen diren eskubideen urraketak salatzeko: “Gazte talde batek Equipe Media sortu genuen eta aurten hamar urte beteko ditugu”, dio Nazhak harro. Izan ere, hamar urtez Mendebaldeko Saharan kazetaritza lanetan aritzea ez da lan erraza izan: “Oso egoera latzetan garatu dugu gure lana, kide guztiok jasan ditugu atxiloketa edota tortura egoerak; ni neu zazpi orduz atxilotu ninduten 13 urte nituenean”, salatzen du Nazhak. “Denok gaude zerrenda beltz batean eta ezin dugu lanik lortu”.

Zorionez, Marokok komunikabideen edozein hedapen blokeatzeko ahaleginak egiten baditu ere, “giza eskubideen defentsarako lan egiten duten erakundeetara iristea lortu dugu”, dio kazetariak.


Bilbo: Horrela hasi ziren formakuntzak

Menha Bouad kanpamenduetan eginiko formakuntzetako hezitzaileetako bat da. Argazkia: Nuria Gonzalez.

Menha Bouad ekintzaileak bi urte aritu da formatzaile lanetan Mundubatek eta AFAPREDESAk sustatu duten heziketa proiektuan. Lehendabiziko aldiz, or primera vez, Mundubaten egoitza nagusia ezagutzeko aukera izan zuen Bilbon eta aurrez aurre topatu zituen berak parte hartutako formazioak bezalako ekimenak Euskal Herritik prestatzen eta ahalbidetzen dituzten lagunak. Prozesuaren inguruan hausnarketa egiten ari dela, zera dio Menhak: “beste gazte batzuk formatzen neure burua ere formatu dut”.

Giza eskubideak sustatzeaz gain, formakuntza horiek Menha bezalako gazteei orain arte ikasi dutena praktikan jartzeko aukera eman diete: “Gazte batzuok ikasketak kanpoan jarraitzeko aukera izan dugu, baina zer egin dezakegu kanpamenduetara itzultzean? Hemen ez dago lanik.” Formazio horiek lan aukera sortu dute eta etorkizunerako itxaropena sorrarazten du irakaslego zein ikaslegoarentzat. “Smarako wilayan jaio nintzen ni, kanpamenduetan”, azaltzen du Menhak. “Horiek izan ziren bizi izan ditudan urte onenak. Mundu guztia horrela bizi zela pentsatzen jaio nintzen. Oporrak bakean ekimenarekin kanpamenduetatik atera nintzenean lehendabiziko aldiz, ez nuen ezer ulertzen. Zergatik bizi behar nintzen ni horrela?”. Formatzaileari gogora datorkio zer nolako aldaketa izan zen hamar urte zituela uda osoa kanpamenduetatik kanpo igarotzea: “Badaude kanpamenduetan jaio eta hil diren pertsonak, eta hori onartezina da.”

“Emakume sahararrok, gazteok barne, ahalmena, ahotsa eta indarra dugu. Badakit elkarrekin gure xedeak lortuko ditugula”, gehitzen du Menhak itxaropenez beteta. Abdeslam Omar ados dago: “Emakume saharrik gabe ezinezkoa litzateke borroka hau. Lurralde Okupatuetako manifestazioetan beti daude lehenengo lerroan, eta horrek meritu handia du, soilik 2018 urtean 776 manifestazio egin baitziren (hots, 2,5 protesta egunean).”

Mundubatek apustua egin du Aljeriako kanpamenduetan bizi diren sahararren oinarrizko beharrak betetzetik haratago joateko. Giza eskubideen formazioei esker, gazte sahararrek euren eskubideak aldarrikatzeko eta haiengatik borrokatzeko gaitasun eta tresnak garatu dituzte. Hassanna Aaliak esaten duen bezala, “sahararron auzian politikoki parte hartuko duten erakundeak behar ditugu, ez dezatela bakarrik ‘Oporrak bakean’ bezalako ekimenetan umeekin argazkiak atera.”


Madril: Eskaera zehatzen aurkezpena Kongresuan

Diputatuek adi entzuten dituzte gazte sahararren eskaerak. Argazkia: Europapress.

Madrilera iristean, hitzaldi bat antolatu genuen Sahararen Lagunen Elkarteen Estatuko Koordinakundearekin (CEAS-Sáhara) eta Espainiar Estatuko Ikasle eta Gazte Sahararren Ligarekin (LEJSEE) batera txostenaren emaitzak aurkezteko. Hurrengo egunean, PP, Ciudadanos, Unidas Podemos eta Esquerra Republicanako (ERC) diputatuekin eta EH Bilduko kontseilari batekin bildu ginen Kongresuan gazte sahararren eskaerak ezagutzera emateko.

Diputatuen Kongresua bisitatzea aukera paregabea izan zen Ginebran aurkeztutako eskaerak lurreratzeko, Espainiako Gobernua baita txostenak azpimarratzen duen erantzule nagusietako bat. Diputatuen aurrean, Fernando Lorenzok nabarmendu zuen “Espainiako Gobernuak Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea bermatu dadin prozesua erraztu behar duela, eskubide hori baitu Espainia lurralde ez autonomoen zerrendan sartu zenetik 1963an.” Baina, zergatik diogu espainiar Estatuak esku hartu behar duela? “Espainia, lurraldearen potentzia administratzaile gisa, bere betebeharrak bete behar ditu eta deskolonizazio prozesua erraztu eta bermatu behar du”, gehitzen du Lorenzok. “Egoera hau amaitu gabe dagoenez gero, Mendebaldeko Sahara Afrikako azken koloniatzat hartzen dugu.”

 


ESTEKA INTERESGARRIAK

Cadena SER Vitoriaren erreportajea. Entzun hemen (gaztelaniaz).

Biraren irudiak:

Gira con juventud saharaui Julio 2019 / 2019ko uztaileko gazte sahararren bira

No Replies to "Gazte sahararrak nazioarteko komunitateari: «Ahalmena, ahotsa eta indarra dugu, eta elkarrekin gure xedeak lortuko ditugu»"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.