Bidaia internazionalista Kolonbiara

Bakea eta Duintasunaren webgunean argitaratutako testu batean oinarritutako itzulpen librea da ondorengoa. Argazkia: Carlos Henao / Vocesdefensoras.org

Ikuspegi internazionalistatik mugetatik haratago borrokak elkarbanatzearen apustua egiten dugu. Elkartasuna da gure esku-hartze eta aliantza politikoen oinarria. Elkartasunetik, egungo errealitatea eraldatuko duen lankidetza baten aldeko apustua egiten dugu, desberdintasunen atzean dauden mekanismo eta ardurak salatzeko konpromiso tinkoa gauzatuz.

Jarrera horren baitan, Kolonbiara bidaia internazionalista antolatzeko arrazoi nagusia Sur de Bolivar eta Catatumbo eskualdeetako giza eskubideen urraketa sistematikoa da.

Noiz?

Kolonbiara egingo dugun bidaia internazionalista (#MisiónInternacionalistaColombia) Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari esker gauzatuko dugu 2019ko irailaren 15etik 24ra.

Helburuak

  • Prozesu komunitarioen babesean lagundu, lurraldeen eta giza eskubideen defentsaren iraunkortasuna bermatzeko talde armatuen eraso larriak jasaten dituzten zonaldeetan.
  • Eragina sortu bertako, departamentuetako eta nazio mailako autoritate kolonbiarrengandik giza eskubideen defendatzaileen egoera hobetzeko konpromisoa lortzeko. Inguruan lan egiten duten nazioarteko erakundeekin bilerak egitea da beste helburuetako bat.
  • Europan eragin politikoa sortzea, Espainiako Estatuan bereziki, Kolonbiako Gobernuak Bake Akordioak betetzeko nazioarteko presioa egin dadin eta ELNrekin negoziazioak egin ditzan. Xedea oraindik existitzen den gatazka armatua eteteko negoziatutako soluzioa sortzea da.

Nora?

Irailaren 15etik 24era Sur de Bolivar, Catatumbo eta Bogota bisitatuko ditugu. Giza eskubideen defendatzaileak, emakumeak eta ekosistemak dira ondorio txarrenak jasaten dituztenak lurralde horietan. Gure lagun diren SEMBRARCISCA eta FEDEAGROMISBOL taldeek mehatxuak jaso dituzte eta, kasu batzuetan, euren bizitzen aurka egin dute. Esan dugun bezala, emakumeak kalteberenak dira eta, egoera horietan, eurek jasaten dituzte eragin okerrenak.

Sur de Bolivar:

2019an operazio militarrek gora egin dute lurralde honetako landa aldean. Militarren presentziak eta ELNen armen berreskuratzeak arrisku berriak sortu dituzte eta biztanleen bizitzak mehatxatzen dituzte.

Micoahumado komunitatea armadaren, ELNren eta talde paramilitarren erasoen artean bizi da. Indar publikoaren presentzia du herri erdigunean, etxeratze-aginduak, herritarren aurkako tiroketa indiskriminatuak, nekazarien eta komunitateko kideen erailketak… Biztanleek egoera horiek sarritan salatu badituzte ere, ez da inolako aurreratzerik egon. Autoritateen ekintza ezak ezinezkoa egiten du biztanleen bizitza duinerako eskubidea eta horretan datza bertako erakunde sozialen aldarrikapen nagusia.

Catatumbo:

Bake Akordioak sinatu zirenetik hainbat talde armatu borrokan aritu dira lurraldea kontrolatzeko, baita lehen FARCek okupatzen zituen ekintza komertzialak kontrolatzeko ere. Aurten asko okertu da egoera hori. Gobernuak lurraldea militarizatuz erantzun dio egoerari eta indar publikoko 17.000 langile bidali ditu; hots, 10 biztanleko soldadu bat dago orain. Datu hori deigarria da kontuan hartuta 5.000 biztanleko mediku bat dagoela.

Bidexketan bizi diren biztanleak dira kalteberenak, etengabeko liskarrak baitaude bertan indar publikoen eta ELN eta EPLren artean. FARCetako talde armatu disidente berriak ere agertzen hasi dira.

Catatumbok Venezuelarekin muga duenez gero, kokaleku estrategikoa da eta ekonomia ilegalak areagotu dira. Hori dela eta, AEBetako presioa sortzen du militarki kudeatzeko egoera, eta horrek biztanleenganako indarkeria indiskriminatua eragiten du eta erakunde sozialak militarren helburu bilakatzen dira.

Bogota:

Ezinbestekoa iruditzen zaigu gerra, desberdinkeria eta opresio sistematikoak eragindako indarkeriarenpean bizi diren pertsonen egoera ezagutzera ematea. Bestalde, garrantzitsua da Kolonbiako eta nazioarteko erakundeei bakea bermatzeko duten ardura erakusaraztea, baita tokiko giza eskubideen defendatzaileen deia kontuan hartzea ere.

Horregatik, Kolonbiako Estatuko erakundeekin eta enbaxada espainiarrarekin bilerak izango ditugu Bogotan, eginiko bidaiaren ondorio eta gomendioak ezagutarazteko.

Nor joango da?

Giza eskubideen eta nazioarteko elkartasunaren munduan murgilduta dauden mugimendu sozial eta feministetako kideak, kazetariak, zuzenbidean adituak eta ikertzaileak joango dira bidaian.

  • Pablo Elorduy (Madril, 1978). Idazle eta editorea. Kazetari eta koordinatzailea da El Salton.
  • José David Fernández (David F. Sabadell. Valladolid, 1975). Fotokazetaria eta El Saltoko argazkilaritza arloko arduraduna 2016az geroztik. Diagonal egunkariko argazki editorea izan zen 2008tik 2016ra. Estatu mailako hainbat hedabideetako kolaboratzailea da, La Marea, elcritic.cat edota La Directa, besteak beste.
  • María Naredo (Madril, 1970). Genero eta giza eskubideetan espezializatuta dagoen legelaria da eta 20 urteko esperientzia du ikerketan, politiko publikoetan eta Espainiar Estatuko zein nazioarteko legedi proposamenetan, bereziki emakumeen aurkako indarkerien inguruan.
  • Amparo Pernichi López (Barcelona, 1968). Herri-lanetako ingeniari teknikoa da eta ingurumen-inpaktuen inguruko masterra du. Kordobako mugimendu feministako kidea da eta bizilagunen eta elkartasuneko taldeetan parte hartzen du.
  • Zuriñe Rodriguez Lara (Gasteiz, 1988). Kazetari eta ikertzailea. Sudergintza kooperatiban egiten du lan eta freelance gisa egiten du lan hainbat hedabideetan. Gainera, Euskal Herriko Mugimendu Feministako ekintzaile da eta AMAR talde feminista eta antiarrazistako kide.
  • Eneko Gerrikabeitia (Venezuela, 1974). Mundubat Fundazioko presidentea. Hamasei urtez egin du lan Mundubaten Erdialdeko Amerikan, Kolonbian eta Palestinan, emakume eta nekazarien mugimenduekin eta giza eskubideen taldeekin bereziki.
  • José Ramon Antón (Madril, 1975). Abokatua, nazioarteko aholkularia eta unibertsitate irakaslea, giza eskubideen alorrean espezializatua. APDHEko Idazkari Orokorra.
  • José Elías Esteve (Concentaina, Alacant, 1974). Nazioarteko Zuzenbidean irakaslea, giza eskubideetan aditua. Valentziako Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko idazkaria da. APDHEko lehendakariordea. Legelari gisa nazioarteko krimenen jazarpenari lotutako auzitan ibili da.
  • Emilio Polo (Madril, 1971). Politologoa. Baketa eta Duintasuna Elkarteko Koordinazio Kolegiatuko kidea eta lankidetza arduraduna da. Kolonbiako UNADeko irakaslea ere bada.
  • Estefanía Castillo (Madril, 1982). Bakea eta Duintasuna Elkarteko komunikazio taldeko kidea. Hezkuntza eta sentsibilizazio iniziatiben koordinazioan aditua.
  • Erika González (Madril, 1977). Bakea eta Duintasuna Elkarteko Koordinazio Kolegiatuko kidea. OMALeko ikertzailea.
  • Lara Gil (Madril, 1988). Bakea eta Duintasuna Elkarteko delegatua. Ekintzaile feminista eta genero eta garapenean aditua.

No Replies to "Bidaia internazionalista Kolonbiara"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.