Puntu eta jarrai: Nola izan da 2019 urtea eta zer egingo dugu 2020an?

“Ez gara neutralak: antikapitalistak, feministak eta internazionalistak gara”. Hala hasi zuen Mundubateko presidente den Eneko Gerrikabeitiak 2019ko ‘barnetegia’. Zer da guretzat ‘barnetegi’ bat? Astebetez talde osoarentzako elkarlan espazio bat da, pasatako urtea analizatu eta datorrena prestatzeko. Urtea amaitzen den bakoitzean, atzerrian bizi diren lankideak ere etortzen dira Latinoamerika, Palestina eta Mendebaldeko Saharatik, espazio horretan parte hartzeko.

2019aren amaieran, departamentuen arteko bilerak izan genituen lehenengo bi egunetan 2020ko lana antolatzeko, eta beste hiru egunetan talde eztabaidak izan genituen. Enekok hasiera eman zion eztabaida sortari nondik gatozen, nortzuk garen eta zer babesten dugun gogoraraziz. Eztabaidarako espazioak izatearen garrantzia ere aipatu zigun, bertan sortzen baitugu datorren urtearen norabidea eta helburuak lantzen baititugu elkarrekin horien alde lan egiteko. Giza eskubide, genero eta elikadura burujabetza departamentuak izan ziren hitz egin zuten lehenengoak (horiek baitira, hain zuzen ere, gure lan-eremuak). Jarraian, lan egiten dugun herrialdeetako lankideek hitz egin zuten. Hona hemen 2019an egin genuen lanaren laburpen bat eta 2020rako prestatuta dugunaren aurrerapen bat.

Giza eskubideak: Eragina sortzearen aldeko urtea

Imagen

Mónica Alonsok, giza eskubideen departamentuko koordinatzaileak, lan-eremu hartan 2019an eginiko lana aurkeztu zigun. Giza eskubideen defendatzaileak babestu eta defendatzeko egiten dugun lana azpimarratu zuen. Horren adibide da Madrilgo Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Baterako Babesteko Programa (Madrid Protege), Kolonbiako sei defendatzaileri egin baitie harrera eduki dituen bi edizioetan. Bigarren edizioari amaiera emateko, 2019ko abenduan, talde batek Kolonbiara bidaiatu zuen partaideetako batzuk bisitatu eta euren komunitateen egoera aztertzeko. Bidaia horretan, bigarren edizioko partaide izan den Genaro Gracianok Ituangoko udalerrian egiten ari diren Hidroituango megaproiektuak duen eragin larriak azaldu zizkigun:

Mónicak Ahots Defendatzaileak plataforma ere aipatu zuen, Nazioarteko Bake Brigadekin batera hasi dugun ekimena. Horrekin, honako arazoen inguruko kontzientzia kritikoa sortu nahi dugu: mehatxuak, jazarpena, erasoak eta, kasu larrienetan, oinarrizko eskubideak defendatzeko eta sustatzeko antolatzen direnen hilketa ere bai. Plataforma horretako hainbat protagonistek Herri Babesarean parte hartu zuten ere, giza eskubideen defendatzaileen babeserako euskal udal sarea. Lehen edizioa 2019ko azaroan antolatu genuen eta ekintzaileek Agurain (Araba), Durango eta Amorebieta-Etxano (Bizkaia); eta Errenteria, Hernani eta Irun (Gipuzkoa) bisitatu zituzten. Mónicak 2019an Mundubatek egin duen apustu berritzaileenetariko bati buruz hitz egin zuen ere: App Quds, Ekialdeko Jerusalem palestinarren eskubideak defendatuz bisitatzeko app bat.  Azkenik, 2019ko beste ekintza aipagarrienetako bat sahararren kanpamentuetan bizi diren gazteekin egin ditugun aldarrikapen bideoak izan dira:

Mónicak hitz egin ondoren, Barbara Demurtasek, Mundubaten ordezkaria Palestinan, App Quds eta #TheOtherJerusalem (2018an egina) bezalako kanpainek duten garrantzia aipatu zuen. Izan ere, ezinbestekoak dira eragin politikoa eta sentsibilizazioa sortzeko palestinarrek Ekialdeko Jerusalemen bizi duten egoeraren inguruan: “Israelen kolonialismoa eta okupazioa salatzeko egiten dugun lana garrantzitsua da palestinarren borroka babesteko. Orain honakoa da geure buruari egin behar diogun galdera: ‘Nola lortu genezake eragin handiagoa nazioarte mailan?'”. Hori da, zalantzarik gabe, 2020rako dugun erronketariko bat, eta horrexegatik berreskuratuko dugu Beste Jerusalem kanpaina.

Barbarak ekintza humanitarioan egindako lan zehatzaz solastu zen ere: “Lurralde okupatua denez gero, laguntza psikosozialean egiten dugu lan ere, emakume eta adin txikikoekin bereziki. Laguntza horrek esan nahi du konfiantza eta segurtasun espazioak sortzean datza, emakumeek nahi dutena partekatu dezaten”. Mundubateko koordinatzaile orokorra den Antonio Montorok beste lurralde okupatu batez hitz egin zuen: la República Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Gazteria giza eskubideen defentsan hezitzeaz gain, Antoniok aipatu zuen 2020an ‘giza eskubideak eta enpresa’ batzen dituen eremuan hasiko gara lanean, Saharako lurraldeetan egiten den baliabide naturalen erauzketa lantzeko, alegia.

Ondoren, Beatriz Gilek, Kolonbiako arduradunak, 2019an memoria eraikitzeko eta egia eskatzeko proiektuak izan genituela gehitu zuen. Laguntza eskaintzen dugu ere FARCeko preso politiko ohiek bizitza zibilera itzultzen direnean. “Giza eskubideen alorrean 2020rako dugun helburuetako bat defendatzaileen babesa hobetzea da, baita preso politikoen bizitza zibilerako trantsizioa babesten jarraitzea ere”, aipatu zuen Beatrizek.

Giza eskubideen defendatzaileen babesa Guatemalan egiten dugun lanaren funtsetako bat ere bada. Zera esan zuen Adelaida Gonzálezek, Mundubaten ordezkaria Guatemalan: “Lur eta lurraldearen defentsan lan egiten duten buruzagiak babesten lan egin dugu batez ere”. Hondurasen antzerako lana egiten ari gara ere, formazioak egiten, defendatzaileek erabateko babesa izan dezaten. Valdivia Moutawalik, Hondurasko lankideak, Nekazarien Bidearekin batera eginiko Cultivar Sin Riesgo kanpainari buruz hitz egin zuen. Helburua Hondurasen Baserritarren Eskubideen Hitzarmena bete dadin eskatzea da, herrialde horretako baserritarrak babesteko.

Azkenik, Sandra Guevarak, Erdialdeko Amerikako koordinatzaileak, El Salvadorreko ‘Yo defiendo tus derechos, tú defiendes mi labor‘ kanpaina aipatu zuen (‘Nik zure eskubideak babesten ditut, babes ezazu nire lana’). Kanpainaren helburua giza eskubideen defendatzaileek egiten duten lana babestea da. Sandrak #JusticiaClimática (Justizia Klimatikoa) kanpainari buruz hitz egin zuen ere. Guevarak aurrerapauso handitzat hartzen du kanpaina hori “komunitate eta erakunde sozialetatik El Salvadorren, Erdialdeko Amerikan eta munduan bizi dugun krisi sozial eta klimatikoari aurre egin ahal izateko”. Erdialdeko Amerikako koordinatzaileak mundu mailako krisiak biztanleria txiroengan duela bereziki eragina azpimarratu zuen ere.

 

Generoa: Berdintasunerantz aurrerapausoak emanez

Imagen

Giza eskubideen eremuan egin dugun lana eztabaidatu ondoren, genero departamentuko arduraduna den Silvia Felipek hitz egin zuen. Ekonomia feministaren alorrean egindako lana aipatu zuen lehenbizi, bereziki Euskal Herrian egiten dugun lana Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldearekin batera. Eurekin batera 2019an egindako ekintza nagusiak aipatu zituen: Donostia eta Gasteizen antolatutako etxeko eta zainketetako emakume langileen nazioarteko jardunaldiak, Hiedra/Huntza irrati eta aldizkari transfeministaren argitalpena eta Eusko Jaurlaritzan egin zuen agerraldia, besteak beste.

2020an dugun erronketako bat ekonomia feminista Erdialdeko Amerikan eta Bolivian sustatzea izango zela esan zigun Silviak. “Hondurasen, Red de Trabajadoras Domésticas taldearekin lan egingo dugu, formazioan eta sentsibilizazioan batez ere”, gehitu zuen Valdivia Moutawalik. Hondurasko ordezkariak talde horren antolakuntza-egitura indartzearen alde eta udalerri mailan duen eragin politikoa areagotzearen alde egingo dugula ere. Adelaida Gonzálezek hitz egin zuen ondoren: “Guatemalan, ekonomia feministan hasiko gara berriz lanean Sector de Mujeres erakundearekin, hura indartzeko eta emakume maia, xinka eta mestizoen arteko antolakuntza sendotzeko”. “Kuban ekonomia feministan eta zaintzen ekonomian egiten dugu lan jada, eta halaxe jarraituko dugu 2020an”, esan zuen Kuban Mundubateko ordezkari den Eva Fernándezek.

Bolivian, ekonomia feministaren lan-lerroaz gain, herrialdeko koordinatzaile den Koldo Fernandezek aipatu zuen emakumeak indarkeriarik gabe bizi daitezen lan egingo dugula 2020an, baita ahalduntzearen eta partaidetza politikoaren alde ere.

Emakumeek indarkeriarik gabeko bizitzak izan ditzaten egindako lanari buruz hitz egin zuen Silviak ere, eta Kolonbian egindako lana goraipatu zuen. Gainera, ‘La construcción de paz desde las mujeres en Colombia’ ikastaroaren bigarren edizioa oso arrakastatsua izan zela esan zuen, 50 emakume inguruk parte hartu baitzuten. Beatriz Gilek Kolonbiako emakume indigenak subjektu politiko gisa aitortu daitezen egin dugun lana ere aipatu zuen.

2019an emakumeen partaidetza politikoa sustatzearen harira, Adelaida Gonzálezek Guatemalan ere horren alde lan egiten dugula gogorarazi zigun; erakunde sozialetan eta erabakitze-espazioetan duten partaidetza hareagotzeko, hain zuzen ere. Bestetik, Sandra Guevarak El Salvadorreko #MujerAlzaTuVozYDenuncia kanpaina aipatu zuen. Kanpaina hori Las Mélidas talde feministarekin egin dugu, indarkeria matxistari buruz sentsibilizatzeko eta indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza psikosoziala emateko.

 

 

Elikadura burujabetza: Erakundeen indartzea sustatuz

Imagen

Lan-eremuen eztabaidak amaitzeko, Nello Schisanok hitz egin zuen, elikadura burujabetza departamentuko koordinatzaileak. Schisano baserritarren erakundeak indartzeko egin dugun lana aipatzen hasi zen, eta Latinoamerikako Agroekologia Institutuak (IALA) aipatu zituen bereziki. Nikaraguan, esaterako, IALA Ixim Ulew indartzeko egin ditugun ahaleginak aipatu zituen Sandra Guevarak, eta 2020an beraiekin elkarlanean jarraituko dugula esan zuen. Beatriz Gilek Kolonbiako IALA María Canoren antolakuntza gaitasunak indartzeko egin dugun lana ere aipatu zuen.

Nellok aipatu zuen 2019ko beste lan-lerro azpimarragarrienetariko bat feminismo baserritar eta popularra izan zela, eta 2020an jarraituko dugula horretan lanean. “Hondurasen gogor egiten ari gara lan 2020an emakumeek teknika agroekologikoak ikasteko aukera izan dezaten eta feminismo baserritar eta herrikoiari buruzko heziketa jaso dezaten”, gogorarazi zigun Valdivia Moutawalik. “Kuban”, zioen Eva Fernándezek, “feminismo baserritar eta popularra sustatzeaz gain, nekazarien erakundeak indartzeko ere egin dugu lan”. Sandra Guevararen hitzetan, “El Salvadorren genero ikuspegitik landu ditugu baserritarrekin egin ditugun ekintza guztiak. Horregatik bultzatu ditugu feminismo baserritar eta herrikoian oinarritutako prozesuak eta emakume nekazarien ahalduntzea”.

Adelaida Gonzálezek Guatemalan Nezakarien Bidea (Vía Campesina) mugimenduko erakundeekin egiten dugun elkarlana aipatu zuen; CONAVIGUA eta CUCekin. Koldo Fernándezek Bolivian elikadura burujabetzaren eremuan izango ditugun erronkak partekatu zizkigun: “Trantsizio ekologikoa sustatzen duen eta klima aldaketaren aurka egiten duen eredu bat sustatuko dugu, baita elikadura gobernantza eta feminismo baserritar eta herrikoia ere”.

 

Geure burua indartu, mundua eraldatzeko

 

Eneko Gerrikabeitiak eta Iñaki Markiegik (Mundubateko Presidenteordea) itxi zuten ‘barnetegiko’ astea. Taldekide guztion lana entzun ondoren, Iñakik zera esan zuen: “Oso lan ona egiten ari gara eta gero eta gehiago indartzen ari gara talde-lana eta planifikazioa”. Izan ere, gure lagun diren erakundeekin egiten dugun bezalaxe, Mundubateko lantaldeak ere badu antolakuntza indartzeko xedea. Barrutik hobeto funtzionatuz gero, handiagoa izango da lan egiten dugun gizarteetan izango dugun eragina.

Enekok 2019an izan dugun eragin politiko eta soziala azpimarratu zuen ere: “Erabakiak hartzen diren espazio askotan egon gara aurten mugimendu eta erakunde sozialekin batera”. Egiten ditugun proiektuez gain, Mundubateko kideok espazio horietan parte hartzen dugu, beste erakundeekin sareak ehundu eta mugimendu sozialetan gure ahotsa batzeko.

Mila esker patronatoari, boluntarioei, SEADeko mediku taldeari eta kolaboratzaile guztiei etengabe ematen diguten laguntza eta babesagatik. 2020 urtean 2019an izan dugun arrakasta gainditzea espero dugu, eta gure leloa errealitate bilakatu dadin jarraituko dugu lanean: “Pertsona guztiak, eskubide guztiak, mundu bat”.

No Replies to "Puntu eta jarrai: Nola izan da 2019 urtea eta zer egingo dugu 2020an?"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.