LGTBIQ+ eskubideen defendatzaileen borroka: testuinguru ezberdinak borroka berbera

Conferencia LGBTIQ+ DonostiaIndyra Mendoza eta Marcela Sánchez ekintzaileek Kolonbia eta Hondurasko defendatzaileen egoera aztertu dute Donostian.

Testuinguruak ezberdinak izan arren, LGTBIQ+ komunitateak jazarpen sistematiko berdina pairatzen jarraitzen dute. Errealitate horren aurrean, eskubideak defendatzen dituzten ekintzaileak dira maiz, erasoen jomuga. Tolerantzia eza eta ezjakintasunak eragindako jarrera hauen aurrean, erantzun positiboak sustatu behar direla dio Cristina Rueda, Aldarteko teknikariak. Rueda egun Kooperaldarte sailaren kudeatzailea da, eta tinko dabiltza LGTBIQ+ pertsonen eskubideen defentsan, beste hainbat kolektiboren artean. Pertsona ororen Giza Eskubideak bermatu behar dira, izan ere, berdintasunik gabe, ezinezkoa da hiritartasun global eta kritikoa sortzea.

Ruedak gogorarazi zuen Euskal Herrikoa, Honduras edota Kolonbiako egoera berdina izan ez arren, ez dela onena. Gipuzkoa eta Bizkaian gorroto delitu tasa Estatu Espainiarreko altuenen artean dago, LGTBIQfobia orokorra dela eta nazioartean hedatuta dagoela berretsiz.

Dena den, atzerrian bizi diren egoera gogorrak salatzeko, baina baita ere hainbat mito desegiteko asmoz, Marcela Sánchez Colombia Diversako zuzendariak eta Indyra Mendoza, CATTRACHAS erakunde lesbiko feministaren koordinatzaile nagusiak, Mundubaten deiari kasu egin diote. Amerikak LGTBIQ+ eskubideekiko duen postura, zeharo paradoxikoa da Marcela Sanchezen ustez. Alde batetik Uruguairen kasua dago, LGTBIQ+ eskubideak zeharo bermatuta daude eta gainera, gorroto delituen tasa inguruko herrialdeetako baina baxuagoa da. Legediak ez baitu beti bermatzen erasorik egotea edo ez. Bestalde, Karibe anglofonoan homosexual izatea, `legez kanpokoa´ izaten jarraitzen du, baita zigorra jasotzeko arrazoia ere. Patroi hau kontinente osoan zehar zabaltzen da; LGTBIQ+ pertsonak babestuko dituzten legediak garatuago daude herrialdearen arabera, baina sarritan arlo kulturalak lorpen politiko eta legezkoak baliogabetzen ditu. Kolonbiako kasua eredugarria da Sanchezen esanetan, oinarrizko legedia lortu zuten (botere judizialaren menpeko diren Gorteen bitartez, parlamentuak ez baitzuen pausua eman), baina arlo kulturalean eragin ezean, zaila da egoera normalizatzea gizartean. Azken finean egunerokoan gizartearen parte hartzea delako gauzak aldatzen lagunduko duena. Hori dela eta, Colombia Diversa erakundearen lana, hiru zutabeetan banatu dute: Informazio lan sakona egiten dute, ezjakintasunari aurre egiteko eta zenbait alorretatik datorren desinformazioari aurre egiteko. Behar duen orori babesa eskaintzen diote, beharrezkoa balitz, babes juridikoa ere bai. Eta LGTB pertsonek jasaten dituzten biolentzia eta eraso ezberdinen jarraipena egiten dute. Hau da, funtsean behatoki baten lana egiten dute. “Sarritan polizia eta erakundeek egiten ez duten lana, guk geuk egin behar dugu” dio Marcela Sánchezek, gizartearen parte handi baten mesfidantza jasotzen duten seinale.

Conferencia LGTBIQ+ Donostia

Azken urteotan jarraipenari arreta berezia eman diote, prest daudelako hiritarrei gizartean dagoen LGTBIfobia erakusteko. Kolonbiar testuinguruan ordea, zeharo zaila da hori, biolentzia egunerokoa baita hainbat leku eta esparruetan, gainera motibazio ezberdinek eraginda. “Kolonbian era askotan erahil zaitzakete, sakeleko telefonoa lapurtzean adibidez”. Hortaz, LGTB kolektiboko pertsona bat hiltzen dutenean, zaila da zehaztea gorroto delitua izan ote den edo ez. Hala ere, Colombia Diversak egindako ikerketen harira, erasoen %30 gorrotoarekin lotuak daudela uste dute. Hau da, LGTB izate hutsagatik, edo haien eskubideak defendatzeagatik erahil dituzte. Errealitate gogorra dute aurrean beraz Kolonbian, erakunde eta gizartearen utzikeriaren kontra jo behar baitute. Hori dena gutxi balitz, gizartean eragin handia duten aktore berriak dituzte haien aurka, tartean, geroz eta botere gehiago duten talde ebanjelistak. Erakunde eta gizarte zibilean hedatu ostean, diskurtso berri eta populista baten bitartez, LGTBIfobia sustatzen ari dira, Kolonbian zein Amerika osoan. “Ahulen defendatzaile gisa aurkezten dute haien burua, eskubideen defendatzaileak, baina oinarrian denon eskubideen murrizketak nahi dituzte besterik ez”.

Conferencia LGTBIQ+ Donostia

Honduras, biolentzia tasa oso altua duen herrialdea da, azken urteotan hildakoen kopurua behera egitea lortu dute. Gobernuak gainera lorpen handitzat du beherakada hori. LGTBIQ+ komunitatearen kontrako erasoak nabarmen hazi dira. 2017tik LGTBIQ+ eskubideen 15 defendatzaile hil dituztela salatu du Indyra Mendoza CATTRACHAS erakundearen koordinatzailea nagusiak. Bide batez, Berta Caceres ekarri zuen gogora, duela bi urte Hondurasko ingurumen eskubideak defendatzeagatik hil zuten ekintzailea, talde ezberdinak ordezkatu arren borrokan berdinean jarduten dutelako.

Hondurasen, Salvador edota Guatemalan bezala, LGTBIfobia gizartean zeharo normalizatuta dago eta pertsonen eskubideak egunero zapaltzen dituzte. Erakunde, agintariek eta batez ere, medioek egoera honen erantzule nagusitzat ditu Mendozak. CATTRACHASeko koordinatzaile nagusiak, Hondurasko medio nagusiak behatu eta analizatu ditu. LGTBIQ+ taldearen kontrako jarrerak sustatzea eta biolentzia ezkutatzea egozten die, “Gorrotoa helarazten dute eta isiltasunaren bitartez erasotzaileak babestu”. Ondo daki Mendozak zer den jazarpena jasatea giza eskubideen defentsan aritzeagatik, hiru aldiz saiatu baitira bera erailtzen, eta bere inguruko jendea hil dute. Gainera, erasotzailearen mehatxuak jasotzen jarraitzen du; espetxean egon arren, Facebook orriaren bitartez Mendoza jazarri egiten du, Hondurasen nagusi den inpunitatearen seinale. Ekintzailearen ustez, eraso gehienak lesbianen kontra dira eta maiz, sarraski bihurtzen dira, “segurtasuna dela eta, elkarrekin egoten ahalegintzen gara eta askotan, kale erdian tirokatzen gaituzte besterik gabe!”. Bestalde emakume lesbianek jasan behar duten, diskriminazioa gizartearen arlo guztietan eta bereziki, lan arloan, jazarpen sexuala egunerokoa da eta.

Trans pertsonen errealitatea ere ekarri zuen gogora Indyra Mendozak. Transexualek bazterkeria pairatzen dute gizartearen aldetik, haien kontrako erasoak bereziki bortitzak dira eta inpunitate tasak ikaragarri altuak. Inpunitatea bortizkeria iturri bihurtu da, ondoriorik ez dagoela ikusita, edozeinek lasai asko eraso egin dezakela salatzen dute ekintzaileek. Are gehiago, badira jarrera horiek txalotuko dituzten eragileak.

Colombia Diversak nahi duen bezala, CATTRACHAS erakundeak behatoki baten beharra nabarmendu du. Baina Hondurasko egoera zehatzari erreparatuz, lehentasuna LGTBIQ+ pertsonen eskubideen babesa izan behar dela deritzo Mendozak. Hondurasko LGTBIQ+ eskubideen defendatzaileen ibilbidea gorabeheratsua da ezinbestean “Aurrera eta atzera gabiltza, lorpen txiki bat eskuratze orduko, atzera egin behar dugu berriro”. Dena den, beste bide baten faltan giza eskubideen defentsan jarraitzeko grina dute Honduras, Kolonbian eta Euskal Herrian, biolentzia estrukturalaren aurrean, erresistentzia estrukturala proposatuz.

No Replies to "LGTBIQ+ eskubideen defendatzaileen borroka: testuinguru ezberdinak borroka berbera"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.