Iñigo Egiluzi eskutitza, Igor Olabarrietaren eskutik: “Bizitza moztuko digute, baina sekula ez memoria”

 

Duela 20 urte (1999ko azaroaren 18an), Mundubateko kide zen Iñigo Egiluz eta Jorge Luis Mazo apaiza Murindotik Quibdora bidaiatzen ari ziren, Kolonbian. Txalupa batean bidaiatzen ari ziren Atrato ibaian zehar eta, gaueko bederatzi t’erdietan, Quibdoko portura iristeko 50 metro falta zitzaizkienean, paramilitarren txalupa batek harrapatu zituen. Iñigo eta Jorge Luis hil egin ziren. Erahilketaren hogeigarren urteurrena  omentzeko, Iñigorekin aritu ziren kideei eskutitz bat idazteko eskatu diegu, Ondorengo eskutitza Igor Olabarrietak idatzi du, Komite Internazionalistetako kidea.

 

Kuban ezagutu zintudan, urteak joan dira ordutik, baina ondo gogoratzen dut Komite Internazionalisten brigada hura, zuk bezalako lagunek utzitako arrastoa zaila baita ezabatzea.

Elkarrekin ikasi genuen prozesu iraultzailearen ezaugarriak eta zailtasunak (garai zailak ziren ordukoak Kubarentzat).

Asko ikasi genuen bridada hartan bizitakoaz, eta asko ikasi genuen elkarrengandik ere.

Gogoan dut Kubatik Kolonbiara joateko asmoa zeneukala esan zenidanean, eta nola agurtzean “zaindu zaitez!” esan nizun besarkada emanez. Edozein internazionalistaren ezaugarri aipagarriena beste herrien borrokak bere egitea da, eta hori egin zenuen zuk ere. Kolpe izugarria izan zen guztiontzat zure erailketaren berri jasotzea, baina orduan eta orain ere gogoan zaitugu Iñigo.

Bizitza moztuko digute, baina sekula ez memoria, zuregatik eta era batera edo bestera erresistenzian erori diren guztien omenez: “herriak bakarrik salba dezake herria!”

Igor Olabarrieta Komite Internazionalisten izenean

No Replies to "Iñigo Egiluzi eskutitza, Igor Olabarrietaren eskutik: "Bizitza moztuko digute, baina sekula ez memoria""

    Leave a reply

    Your email address will not be published.