“Informazioa desintoxikatuko dugu, baratzeko lanekin egiten dugun bezalaxe”

Urriaren 16an Kolonbiako Maria Cano Latinoamerikako Institutu Agroekologikoak (IALA) ezohiko eran ospatu zuen Elikadura Burujabetzaren Nazioarteko Eguna: “Alerta Maria Cano” podcast-a aurkeztuz, hain zuzen ere. Irratsaioa bi astean behin emitituko da, nekazariek eta nekazarientzako egina da eta hezkuntza, eztabaida eta nekazaritzari eta agroekologiari buruzko hausnarketa ikasleengandik haratago zabaltzea du helburu. Irratsaioak Facebook-en dituzte eskuragarri edozein entzulerentzako.

Urteak dira Mundubatek “Universidad Campesina” edo Nekazarien Unibertsitate honen lana babesten duela (horrela deitzen diote irakasle eta ikasleek), agroekologia, elikadura burujabetza eta feminismo herrikoi eta baserritarra Kolonbiako komunitateetan bultzatze aldera.

Ekimen honi buruz gehiago jakiteko, Daymer Rios Cifuentes-ekin jarri gara harremanetan, IALA Maria Canon Komunikazioko Koordinazio Politiko eta Pedagogiko lantaldeko kidea da.


Mundubat: Nondik dator IALAn irratsaio bat egitearen ideia?

Daymer Rios: “Universidad Campesina” edo Nekazarien Unibertsitatea sortzeko proposamena mahai gainean jarri genuen une beretik, ardura handia izan dugu gure langile klasearekin, nekazariekin, gure anai-arreba indigena eta afroekin eta pedagogia kritikoaren, feminismo herrikoi eta baserritarraren eta kalitatezko hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiten duten komunitateekin. Ardura handia dugu, era berean, nekazal erreforma herrikoia, batasuna, bakea eta justizia sozialaren alde borrokan ari diren antolakunde eta pertsonekin.

Lehenengo irratsaioaren kartela. Argazkia: IALA María Cano.

Orain irratia erraminta bezala erabiltzen dugu, izan ere, hausnartzeko, eraikitzeko eta lurraldean sozializatzeko balio digu. Ez da komunikazioaren esparruan abian jartzen dugun lehen ekimena. Idatzizko proiektu komunikatibo bat ere jarri genuen martxan, buletina eta nekazariek metodologiarekin lotutako esperientziak elkarbanatu eta sistematizatzeko kartillak banatzen genituen. Hurrengo pausua ikus-entzunezko materialetara jauzia ematea izan da. Laburmetraiak grabatu ditugu, eguneroko bizitza eta baratzeko erramintei buruzkoak. Hortik abiatuta, argazkilaritza bide eraginkorra bihurtu da institutuko ikasleen, lurraldearen eta komunitateen eraldaketak adierazteko. Horiek guztiak egiten, IALAn esaten dugun bezala, eginez ikasten dugu eta sortuz eta produzituz irakasten dugu. Esperientzia guzti horiek gaur gauden egoerara ekarri gaituzte: jadanik lau emisio izan dituen irratsaio bat dugu martxan.

Bidean poztasuna, barrea, umore txarra eta  negarra, denak ezagutu ditugu. Proiektua aurrera ateratzeko egindako proposamen bakoitzean geure esperantza jartzen dugu, lurrak ematen digun guztia landu ahal izateko esperantza eta elikagaiek, euriak, eguzkiak, zapaltzen dugun lurrak, txorien txioek eta bizilagunekin batera hartzen dugun kafeak, bizitzak berak, adierazten duten maitasuna.

M: Zer nolakoak dira irratsaioen edukiak?

D.R.: Gure apustua da hainbat sesio egitea Nekazarien Unibertsitatean egiten diren ekintzei edo abian dauden prozesuei buruz askatasunez hitz egiteko. Programa bakoitzak hainbat atal ezberdin ditu. ‘Desintoxicando la noticia’ atalean aktualitatea mahai gainean jarri eta analizatu egiten dugu, komunikazioaren monopolioetatik jasotzen dugun desinformaziotik desintoxikatzeko. ‘Reminiscencias’ atalean, izenak berak adierazten duen bezala, gizateriarentzako mugarri historiko izan diren gertaera, obra edota pertsonak gogora ekarri nahi ditugu, betiere, geure gaurko konpromezua testuinguratu eta birpentsatzeko helburuarekin. Programaren epizentroa  ‘Ecos de la montaña’ atala da. Mendialdeko pertsonen ahotsak eta esperientziak ekartzen ditugu landa eremukookin elkarbanatzeko, eztabaidatzeko eta elkarrekin eraikitzeko. ‘Con aroma a pueblo’ da beste bat. Poemak, trovak, koplak, musika herrikoia eta bestelako espresio kulturalak ekartzen ditugu honetan, gure izaera baserritarrari bizitza ematen diote horiek eta espazio bat zor diegu kultura globalizatu honetan. Azkenik, ‘Escuchando a la huerta’ atala ere badugu. Baratza erresistentziaren sinboloa da, geure gizartearen eraikuntzarena, hor egiten dute bizitza haziek, eta beraz, baita geuk ere. Jakintza eta egiteko moduak elkarrekin trukatzeko espazioa da, baita landareei eta horien erabilerei buruzkoak ere.

M: Irratiaren “gerra oihua” hauxe da: “Lurra lantzen dugu, landatutakoari ongarria eman, berriak desintoxikatu, gu gara Alerta Maria Cano!”. Zer esan nahi duzue berria desintoxikatzeaz ari zaretenean?

D.R.: Viotako herrian geunden, Raul Valbuen Ferlan, formakuntza, kapazitazio eta produkziorako gure nekazal zentroetako batean. Bertan dago IALA Maria Cano Nekazarien Unibertsitatearen egoitza. Barre algara eta kafe artean, hotz handiko egun batean, giza organismoa garbitu eta sendatzeko ekintzez ari ginen, elikaduraz, praktika osasungarriez eta pentsamendu kritikoaz. Irratsaio bat sortzeko proposamena atera zenean isiltasuna egin zen eta elkarri begiratu genion buruarekin baiezko keinua eginez. “Hori da, berriak desintoxikatuko ditugu baratzeko lanen bitartez!” esan zuen gutako batek. Ez gara agrotoxikorik ez erabiltzeaz soilik ari, elikagaiak ingurumena zainduz lortzeaz ari gara, haziak babestu eta trukatzeaz, janaria prestatzen eta sukaldatzen dugun moduaz. Guzti hori komunikazio monopolioek egiten duten desinformazio masiboarekin konparatu daiteke, laborategietan manipulatutako hazia bezala, bere lurretik urrun, elikagaiak sortzen diren lekutik urrun; eta antolakuntza prozesuekin ere konparatu daiteke, guk bizitzaren defentsara bideratzen baititugu horiek.

Ez da bakarrik ekintzak eta proposamenak partekatzea elikadura burujabetzaren, feminismo baserritarraren edo parte-hartzearen bidean. Bide horretan ematen den formakuntza prozesua ere bada kontuan hartzekoa. Gidoia idazten dugunean eta grabatzen dugunean guztiok egoten gara adi eta elkarri laguntzen diogu soinuarekin, enkoadraketarekin eta amaierako balorazioarekin. Horixe da garrantzitsuena komunikazio prozesuan: formakuntza, ihardespenak eta artikulazioak.

M: Komunikazio aldarrikatzaile eta baserritar honekin jarraitzeko zer beste proiektu dituzue buruan?

IALAko kideak Bogotako landa eremuko ezagutza eta pedagogien inguruko lehen topaketan. Argazkia: IALA María Cano.

D.R.: Ikasleen laguntzarekin lurralde eta komunitateetara iritsi nahi dugu eta komunikazio taldeak formatu bertan. Leku gehiagotara helduko diren eta gai zabalagoei helduko dieten programak sor ditzaten da helburua, horrela, “Alerta Maria Cano” lantalde nazional bezala osatzeko. Kolonbiako zokorik ezkutuena ere ikusgarri egin nahi dugu, eta horretarako, online eta AM zein FM frekuentzietan funtzionatuko duen irratia baliabide egokia delakoan gaude. Buletina indartu nahian ere ari gara, arazo ekonomikoak direla eta PDF formatuan argitaratzen baitugu. Oso ale gutxi ditugu inprimatuta.

Webgune ofizial bat sortzea da buruan dugun beste proiektua. Webgunea gure operazioen zentroa izango litzateke, egindako ekintzei buruzko informazioa trukatzeko. Gainera, atal bat nahi dugu programen podcast-ak uneoro eskuragarri izateko, eta beste bat feminismo baserritar eta herrikoiaz jarduteko.

M: Nola entzun dezakegu irratsaioa? Zer egin dezakegu entzuleok proiektua babesteko?

D.R.: Irratsaioa gure Facebook orrian entzun daiteke, “Instituto Agroecológico Latinoamericano Maria Cano” orrian, asteazkenetan iluntzeko 20:00etan, Kolonbiar orduan, hamabostean behin. Gonbidapena luzatu nahi diegu entzule guztiei esperientzia hau zabaldu dezaten. Borondatez eta elkartasunez aurrera eramandako proiektua da eta guztiz ongietorriak dira iradokizunak, laguntza teknikoa, eta batez ere, ekipoak. Eskertzen ditugu FENSUAGROk kolonbiar gazteriarekin hartutako konpromezu honi oihartzuna ematen dioten espazioak. Mundubati ere eskerrak eman nahi dizkiogu gure lana babesteagatik eta kolonbiar gazteria hezteko proiektu honekin sinesteagatik. Eskerrik asko.

No Replies to "“Informazioa desintoxikatuko dugu, baratzeko lanekin egiten dugun bezalaxe”"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.