Giza eskubideak gaztetzen SEADen

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 43. urteurrena da 2019ko otsailaren 27an. SEADen ardatz nagusietako bat herritarren giza eskubideak defendatzea da, Marokok Saharako Mendebaldean egiten duen okupazioaren kontra borrokatzeko eskubidea, hain zuzen ere.

Gaur egun, Mundubat Fundazioak Saharako Preso eta Desagertuen Senideen Elkarteko (AFAPREDESA) kideekin lan egiten du errefuxiatuen kanpamentuetan Tindoufen (Argelian), datozen belaunaldiak giza eskubideen formazioa izan dezaten. Proiektu hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin garatzen ari gara.

2019 hasi berri da eta, beraz, Saharako errefuxiatu kanpamentuetan giza eskubideen formakuntza espezializatuen azken txanpan gaude. 2017-2018 ikasturtean zehar, 12 saio antolatu ziren eta ikasleek Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala landu zuten, bereziki haurren eta emakumeen eskubideen atalak.

Komunikatzaile paregabeak

Giza eskubideen formakuntza programaren baitan, 2018-2019 ikasturtean, giza eskubideen formakuntza espezializatuan oinarritutako bi prozesu amaitzear gaude errefuxiatuen kanpamentuetan. Osotara, lau hezkuntza zentroetako 128 gaztek parte hartu dute. Bi zentrotan, Giza Eskubideetarako Pedagogian espezializatu dira eta, beste bietan, Giza Eskubide eta Komunikazioan. Giza Eskubideetarako Pedagogiaren formakuntzaren helburua ikasleek beste ikasle batzuei giza eskubideen inguruan irakastea da. Giza Eskubide eta Komunikazioaren inguruko formakuntzan, gazteek hedabideak erabiltzen ikasi dute eta giza eskubideen alorreko gaien inguruan sentsibilizatzea izan da xedea.

Mundubat Fundazioa proiektu horren arduradun da eta AFAPREDESAk proiektua garatzen du eta, haien arabera, 64 ikaslek parte hartu dute Giza Eskubideetarako Pedagogiaren espezializazioan.

Hiru orduko sei saioetan, ikasle taldeak gaur egun SEADen erabiltzen den hezkuntza sistema analizatzeko aukera izan dute. Gainera, kanpamentuetan eskubideen ikuspegia gehitzeko gida bat eraiki dute. Bestalde, giza eskubideak, berdintasuna eta emakumeen eskubideak tratatzeko tresna pedagogikoak garatu dituzte.

Berezko ekoizpena

Martxoan zehar, SEADeko Hezkuntza Ministerioan aurkeztuko dituzte materialak: tresna pedagogikoak eta eskubideen gida. Aurkezpen ekintzak ikasle batzorde batek egingo ditu, AFAPREDESArekin batera. 

Aldi berean, beste 64 ikaslek Giza Eskubideak eta Komunikazioaren inguruko espezializazio batean parte hartu dute: 8 saio egin dituzte osotara. Lehendabiziko fasean irrati saio batek dituen ezaugarriak ezagutu zituzten eta nola egin aurkezpenak, elkarrizketak, inkestak eta abar.

Ikasleek giza eskubideen inguruko inguruko irrati saioak sortu zituzten, hezitzaileen laguntzarekin.  Launaka, ikasitako eskubide batean oinarritutako irratsaioak egin zituzten.

Spot-a eta salaketa rap-a

Formakuntzaren bigarren fasea ikus-entzunezkoen ingurukoa izan da. Ikasleek kamera eta tripodea nola erabili ikasi dute, baita nola editatu, nola erabili plano mota ugari eta nola egin elkarrizketak. Aldi berean, launaka, giza eskubide batean oinarritutako elkarrizketak egin dituzte. Besteak beste, autodeterminazio eskubideaz, emakumeen eskubideez eta hezkuntza eskubideaz aritu dira.

Europako Parlamentuak Sahara Mendebaldea barne duen arrantza akordio berri bat sinatu du Marokorekin eta Giza Eskubide eta Komunikazioko formakuntzako gazteek baliabide naturalen espoliazioa salatzeko spot bat egin dute. Gazteriak jasaten duen prekarietatea salatzeko rap bat ere egin dute,  Saharako Mendebaldean Marokok duen okupazioa dela eta. Datorren astean argitaratuko dugu.

No Replies to "Giza eskubideak gaztetzen SEADen"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.