Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldea Eusko Legebiltzarrera joango da etxe-barneko lanaren abolizioa eskatzera

Josefina Roco Sanfilippo, Mundubat Fundazioko ekonomia feminista alorreko koordinatzailea, eta Liz Quintana, etxeko emakume langileen prokuradore eta defendatzailea, Eusko Legebiltzarrean hitz egingo dute asteartean, azaroak 19, 15:30etan. Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeko kideak dira biak.

Roco eta Quintanak Mundubat Fundazioarekin 2016tik egin duten lan prozesua aurkeztuko dute. Prozesu horretan, etxeko eta zainketetako emakume langileen egoeraren inguruko diagnostiko bat egin dute eta ekintza plan bat jarri dute martxan. Besteak beste, etxeko eta zainketetako lanari buruzko nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Autonomi Erkidegoko hiru hiriburuetan, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia eta Donostiako Udala bezalako erakunde publikoen babesarekin. 350 emakumetik gora parte hartu dute jardunaldi horietan.

Prozesu horretan zehar, lehen eskuko informazioa bildu dute Euskal Autonomi Erkidegoko etxeko eta zainketetako emakume langileen esperientzien inguruan. Emaitza gisa, honako ondorioak atera dituzte: euskal biztaleriak dituen zaintza behar handiak, erakunde publikoek behar horiei ematen dien erantzun urria, eta, horren aurrean, etxe-barneko langileen kontratazioetan eman den igoera.

“Etxe-barneko emakume langileen baldintzek eskubideak urratzen dituzte, lan-osasunaren aurka doaz eta hainbat indarkeria betikotzen dituzte”, dio Josefina Rocok. “Horregatik uste dugu etxe-barneko lana desagertu behar dela eta erakunde publikoek biztanleriaren beharrei erantzuna eman behar diela.”

Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldea ekintzaile feministek eta Euskal Autonomi Erkidegoko etxeko eta zainketetako emakume langileek osatzen dute, eta bizi dituzten desberdinkeriak ikusarazi eta salatzeko egiten dute lan. Taldearen azken proiektuetako bat HIEDRA/HUNTZA irratsaio eta aldizkari transfeminista izan da. Hedabide horrekin zaintzak hankaz gora jarri nahi dituzte eta isilarazi nahi diren borrokak mahai gainean jarri. Lehen alea hemen irakur daiteke.

No Replies to "Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldea Eusko Legebiltzarrera joango da etxe-barneko lanaren abolizioa eskatzera"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.