Daniel Pascual, Maia K’iche’ ekintzailea, prozesu penal batean dago Guatemalako buruzagi indigenen kriminalizazioa salatzeagatik

Gaur, 2020ko urtarrilak 14, Daniel Pascualek eztabaida publiko batean parte hartu beharko du giza eskubideen defendatzaileek jasandako mehatxuak salatzeagatik 2013 urtean. Pascual Guatemalako ‘Comité de Unidad Campesina’ erakundeko koordinatzaile orokorra da. CUCek argitaratutako adierazpenaren arabera, jasotako akusazioen artean, Terrorismoaren Aurkako Fundazioko presidente den Ricardo Menéndez Ruizena dago. Hori Ríos Montt diktadorearen garaian generala eta gobernazioko ministroa izan zenaren semea da (sic. “dentro de estas acusaciones se encuentra la acusación por difamación, calumnia e injuria, realizada el 10 de junio de 2013 por del presidente de la Fundación contra el Terrorismo, Ricardo Menéndez Ruiz, hijo del exgeneral y ministro de gobernación en tiempos del dictador Ríos Montt”).

Dokumentuak dioenez, giza eskubideen defendatzaile denetik, Daniel Pascualek etengabeko erasoak jasan ditu hedabide kontserbadoreengandik, eta hilketa mehatxuak jaso ditu ere hainbat pertsona eta erakunderengandik. Giza eskubideen defendatzaileek eta buruzagi sozialek jazarpenak jasatea ohikoa da Guatemalan. Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Babes Unitatea (UDEFEGUA) ere kezkatuta agertu da askotan pertsona eta erakunde defendatzaileen kontrako jazarpen igoera dela eta. UDEFEGUAren arabera, “begien bistakoa da inteligentzia militarraren eredu zaharrarekin lotutako eskemak berraktibatu egin direla, herritarrak arrisku larrian jarriz, bereziki giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak”. Gaiari buruz gehiago jakiteko, irakurri ‘Guatemala: Lurra edo bizia‘ ikerketa, Mundubatek eta Nazioarteko Bake Brigadek egina Ahots Defendatzaileak plataformarako.

 

Irakurri hemen CUCen idatzizko adierazpena (gaztelaniaz):

 

Daniel Pascual, Guatemalako lur eta lurraldearen defendatzaile historikoa

0502_mun_pascual

Daniel Pascual Mundubateko egoitza nagusian, 2019ko apirilean. Argazkia: GARA.

Daniel Pascual Hernández Maia k’iche’ da eta 10 urte zituenetik da Comité de Unidad Campesinako kidea. 2003 urtean CUCeko koordinatzaile orokorra bilakatu zen.

Pascualek hiru anai-arreba eta hainbat senide galdu zituen Guatemalako gatazka armatuan (1960-1996). Gatazka horrek 200.000 hildako eta 45.000 desagertu utzi zituen. Orduan, CUCek giza eskubideen eta lurraren defentsa hartu zuen lan-ardatz nagusitzat. Horrela, estraktibismoa salatzen hasi ziren eta nekazarien eskubideak sustatzen hasi ziren, baita elikadura burujabetza eta genero berdintasuna ere.

Bere lana ezagutzeko, hemen duzu pasa den urtean Argiak egin zion elkarrizketa Euskal Herrira bidaiatu zuenean.

No Replies to "Daniel Pascual, Maia K’iche’ ekintzailea, prozesu penal batean dago Guatemalako buruzagi indigenen kriminalizazioa salatzeagatik"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.