CUC etengabeko mobilizazioan dago

Jatorrizko testua, gaztelaniaz: Sandra Moreno / Itzulpena: Olaia Pérez Imirizaldu

 

Daniel Pascual CUCeko kideak  jatorrizko herrialde eta nekazarien eskubideen eta Guatemalako lurraldearen defentsaren borroka ikusgai jarri zuen.

Guatemalan, CUC (Nekazarien Batasunerako Batzordea) mugimendu sozialean elkar ulertzeko zubiak bizkortzen ari da, ustelkeriak eta oligarkiak bahitutako “demokrazia” askatzeko helburuz. CUCeko koordinatzaile den Daniel Pascualen aburuz, neoliberalismoaren erantzuna errepresio bortitza izan da. Pascualek 2019ko apirilaren 1ean Bilboko Mundubaten egoitzara heldu zen eta “Guatemalako mugimendu internazionalistaren hondarrak. Hauteskunde eskubide eta perspektibak defendatzearen mehatxuak” ekintzan parte hartu zuen.

Maya K’iché liderra, 47 urtekoa, jada ez da izutzen. “CUCen aurka soilik ehun atxilotze agindu baino gehiago ditugu. Gu gara kautelazko neurri gehien ditugunak ere”, ziurtatu zuen mahai-inguruan. Partaideen artean Gonzalo Fernández, Paz con Dignidad – Bakea eta Duintasuna Elkartekoa; Jesús González, Mugarik Gabe-koa; Jorge Freytter eta Héctor García, Jorge Freytter Elkarteakoa; Ricardo Usategui, Elkarcreditekoa eta Mundubat Fundazioko langileak egon ziren.

Mehatxuen presiopean ulergarria da Pascualen erreferenteetako bat Túpac Katari izatea, espainolek erail zuten heroi indigena. Hil arte torturatzen zutela, “Hilko naiz, baina itzuliko naiz eta milioika izango gara” oihukatu zuen. Bere espiritu borrokalaria eta bere esaldia CUC osatzen duten 20 mila familia baino gehiagok egunez egun ohoratzen dute.

 

Bahiketa demokratikoa

Gaur egun, XXI. mendean zapaltzaileek aurpegi ugari dituzte. Haietako bat estraktibismoa da; gehien bat, bertako kapitalarekin aliaturik dagoen kapital transnazionala, baliabide naturalak helburu dituena. CUC siglen atzean antolatzen diren nekazariek baliabide naturalak tribunaletan babesten dituzte beren bizitzarekin. Erresistentzia pazifikoak hamarkadak iraun ditu. Espainiako Koroak herrialde indigenei emandako titulu errealak eta lurraren inguruko antzinako eskubideak zalantzan jartzen dira ustelkeria eta zigorgabetasunean oinarritutako neoliberalismoak arpilatzen duenean.

“Guatemalan demokrazia bahitu dute”, adierazi zuen Pascualek. Nork bahitu du? Lider guatemalarrak errealitatearen inguruan egindako irakurketaren arabera oligarkia eta narko militarren agindupean dagoen sare bat da erantzulea, eta gainontzekoek haren inguruan “dantzatzen” dute, ustelkeria akordioa mantenduz. Egitura honetan ere Estatu Batuetako Gobernua, Kolonbia eta Israel nabarmentzen dira. Haien kontsignetako bat Nazio Batuen Erakundeari aurre egitea da eta nazio-subiranotasunaren defentsa gorestea.

Ustelen ituna onartu nahi diren 25 legeak ditu buru. Lege hauek “lantzaren muturra baino ez dira giza eskubide kontuetan 20 urteko atzerapausoa egiteko”, Pascualek adierazi zuen bezala. “Antolaketa eskubidea, konstituzio bermeak, adibidez, mugatu nahi dituzte, eta horregatik, hurrengo hauteskundeak erabakigarriak dira. Ustelak geldituko dituen gobernu bat behar dugu”.

 

Apustu politikoa

Nazioarteko elkartasunak nekazarien utzaraztea salatzen du Guatemalan.

Politika egoerak ez ditu emaitza positiboak iragartzen 2019ko ekainaren 16an. Oligarkia boterean jarraitzeko lanean dabil. Bere alde 21 alderdi eskuindar daude hauteskunde-gatazkan. Aurka? Zentro-ezkerreko sei alderdi baino ez, mugimendu soziala aglutinatzen dutenak eta buruzagitzarik ez dutenak. “Lehenengo aldiz hiru hautagai indigena daude, baina, tamalez, ez dute benetan eragiteko aukerarik. Dena oso ilun…”, aitortu zuen Pascualek.

CUC bederatzi eguneko ibilaldi bat prestatzen ari den erakundeetako bat da. Ibilaldi horrek argi pixka bat bilatuko du, alderdi politikoek jakin dezaten mugimendu sozial indartsu bat existitzen dela. Ibilaldia apirila eta maiatza bitartean izango da, Giza Eskubideak errespeta daitezen aldarrikatzeko eta estraktibismoaren, ustelkeriaren eta zigorgabetasunaren aurka. “Mugimendu sozial, indigena eta nekazarian mobilizazioetara joatea pentsatu dugu. Dagoena defendatu dezaten eskatuko dugu, atzerapausorik ez,” amaitu zuen Pascualek.

 

ESTEKAK

Daniel Pascuali Deian egindako elkarrizketa (gaztelaniaz) Sakatu hemen

CUCen webgunea (gaztelaniaz) Sakatu hemen

 

No Replies to "CUC etengabeko mobilizazioan dago"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.