Salvador, emakumeen kontrako lurra

Emakumeen Erabaki Eskubidearen aldeko #Somostodasnosotras #Emakumeguztiokgara kanpainan parte hartzen duten herrialdeetakoa da Salvador. Urtero, herrialdean, ezkutuko 35.000 abortu egiten dira guztira. Hori dela eta, hainbat eta hainbat emakumeren bizia jartzen da arriskuan, eta Salvadorko emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dira etengabe.

Argazkia: Amnistía Internacional-México

Gaur egun, Salvadorko abortuari buruzko legeria munduko murriztaileenetakoa da, eta zigor latzenak ezartzen dizkie abortatzeagatik prozesatutako eta zigortutako emakumeei. Lehen, ordea, ez zen halakorik gertatzen.

1973ko legeriaren arabera, Amerikako Erdialdeko herrialdean hiru suposamendutan eten zitekeen haurdunaldia: emakumeen bizia arriskuan zegoenean (abortu terapeutikoa), emakumeak bortxaketaren ondorioz haurdun geratzen zirenean (abortu etikoa) eta, azkenik, fetuak malformazioak zeuzkanean (abortu eugenesikoa).

Legeria horri esker, milaka emakumeren bizia salbatu ahal izan zen osasun-zerbitzu publikoetan, baina den-dena 1992ko Bake Hitzarmenetan aldatu zen. Eliza katolikoak defendatutako kontserbadurismoa eta hautaketaren aurkako taldeak gailendu egin ziren kode penala aldatzeko prozesuan. Azkenean, 1998. urtean, abortuaren erabateko debekua ezarri zen. Horrez gain, “aborturako indukzio edo laguntzaren” delitua ere eratu zen, eta kartzela-zigorrak larriagotu ziren, 30-50 urtekoak ezarri zituzten-eta.

Salvadorko abortuaren baldintza sozio-ekonomikoak

Eskualdeko herrialde gehienetan bezala, Salvadorren bertan, hezkuntza-maila urriko emakume txiroen eskubideak urratzen dira gehien, eta erabakirako eskubidea ez da salbuespena.

Salvadorren giza hilketa larriagotuagatik prozesatutako emakumeen erdiek baino gehiagok ez dute diru-sarrerarik, eta etxeko lanak egiten dituzte. Gainera, gehienak txiroak edo ezin txiroagoak dira. Haien ikasketa-mailari dagokionez, emakume horien eskolaratze-maila oso urria da, analfabetoak dira edo Lehen Hezkuntzako lehen urteak baino ez dituzte egin. Hori dela eta, ageri-agerikoa da sexuaren zein ugalketaren arloko hezkuntza ere oso urria dela, gaixotasun benereoak prebenitzeko eta nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko orduan.

Abortu Terapeutiko, Etiko eta Eugenesikoaren Despenalizazioaren aldeko Herri Elkartea: 


“2011. urtean, 129 emakume prozesatu zituzten abortuagatik edo giza hilketa larriagotuagatik, eta emakume kaltetuenak gazteenak eta jatorri xumeenekoak ziren. 2000tik 2011ra abortuagatik edo giza hilketa larriagotuagatik prozesatutako 129 emakumeetatik, gehienak gazteak ziren: %70ek ia-ia 18-25 urte zeuzkaten salatu zituztenean”.

Argazkia: Pato Chavez

Gurpil zoro patriarkala: indarkeria – estigma – txirotasuna 

Indarkeria sexuala Salvadorko gizarteko arazo errotuenetakoa da, eta, Amerika Latinoko eskualdeko beste herrialde batzuetan bezala, indarkeria sexualaren arazoa zenbakietan erakutsitakoa baino askoz ere larriagoa da, salatutako kasuak baino ez dituztelako kontuan hartzen. Zoritxarrez, bortxaketa gehienak familian bertan edo familia hurbilenean gertatzen direnez eta estigma sozialaren beldur direnez, emakume biktima gehienak ez dira erasotzaileak salatzen ausartzen.

Abusu horien ondorioz, neskatilatxo eta nerabe asko geratzen dira haurdun. Horrez gain, herrialdeko txirotasun-maila handia denez eta legezko beste aukerarik ez dagoenez, adingabe gehienei ezkutuko abortuak egiten dizkiete (haien bizia arriskuan jarri arren), edo haurdunaldiarekin jarraitzen dute etsipenez, oinazez eta hiltzeko arriskupean. Beraz, ez da harritzekoa suizidioa lehenengo heriotza-arrazoia izatea Salvadorko 10-19 urteko neska haurdunen artean.

XXI. mendeko sorgin-ehiza

Inkisizioan bageunde bezala, Salvadorko emakume gazte eta txiroen inguruko estigmaren eta abortuaren gaineko aurreiritzien ondorioz, benetako sorgin-ehiza garatzen ari da herrialdean.

Osasun-langileek salatu egiten dituzte larrialdi obstetrikoengatik edo ezkutuko abortuetako arazoengatik ospitale publikoetara joaten diren emakumeen erdiak baino gehiago. Langile horiek ez dute kontuan hartzen ez isilekotasunerako eskubidea, ez intimitaterako eskubidea, ezta errugabetasun-presuntziorako eskubidea ere. Era berean, ez dute inolaz ere kontuan hartzen larrialdi obstetrikoengatik edo erdiketa zailengatik landa-inguruneetatik ospitaleetara iristen diren emakume askok ez dutela osasun-atentzioa jasotzeko erraztasunik.

Osasun-langileen jokabideari dagokionez, deigarria da zenbat salaketa egiten diren ospitale publikoetan aborturako indukzioagatik, herrialdeko ospitale pribatuetan oso salaketa gutxi egiten dituztela kontuan hartuta. Hori dela eta, argi eta garbi dago txirotasuna Salvadorko abortuaren estigmatizazioaren eta kriminalizazioaren funtsezko faktorea dela, baliabide ekonomikoak dauzkaten emakumeei abortu seguruak egiten dizkietelako haien bizia arriskuan jarri gabe.

Gainera, akusatutako emakumeen oinarrizko eskubideak ere urratzen dituzte, ez dituztelako behar den moduko prozesua eta gutxieneko berme judizialak errespetatzen. Horren erakusgarri, prozedura judizialekin lotutako irregulartasun larriak dokumentatu dira. Esate baterako, akusatutako emakumeei ospitaleratuta edo anestesiako ondorioen eraginpean edo inolako defentsarik gabe ere bazeudenean egin dizkiete itaunketak; espetxean bertan ere, krudelkeria eta bereizkeria ikaragarriz tratatu dituzte; eta benetako nabaritasunetan barik suposamenduetan oinarritutako prozesu judizialak egin dizkiete.

Zer gertatzen da Salvadorko emakumeen eskubideekin?

Salvadorko abortuaren erabateko debekua herrialdeko emakumeek zein neskatilek jasandako indarkeria sistematiko eta instituzionalizatuaren faktore ankerrenetakoa da, eta haien giza eskubideen etengabeko urraketa ere bada.

Abortua erabat zigortuta dagoenez, haurdunaldiak aurrera egitean arriskuan dauden emakumeei edo haurdunaldi arriskutsuak dauzkaten emakumeei ere ezin zaie egin. Halakoetan, emakumeei ez zaie bizia salbatzeko beharrezko tratamendua ematen, fetuarentzat kaltegarria izan litekeelako edo haurdunaldia bera ere eten lezakeelako. Izan ere, Salvadorko Konstituzioko lehenengo artikuluaren arabera, “sortzen den unetik bertatik gizaki oro” pertsonatzat hartua izango denez, argi eta garbi dago emakumearen biziari barik fetuaren biziari ematen zaiola lehentasuna. Horrez gain, ez da Osasunaren Mundu Erakundeak adierazitako beharrezko atentzio egokia ere ematen.

Alternatibarik ez dagoenez, indarkeria sexualeko biktimak errehabilitatzeko eskubidea ere urratzen da, eta neskatilentzat, batez ere, oso-oso ankerrak eta mingarriak dira ondorioak, amak izatera behartzen dituztelako, haien erkidegoetan gaitzesten dituztelako, eskola utzi behar dutelako eta, horren guztiaren ondorioz, emakumeen txirotasunaren zirkulua betikotzen delako. Nazioarteko Amnistiak baieztatu duenez, horrelako esperientziak oinaze ikaragarriz eta inolako ulerkuntzarik gabe bizi ondoren, neskatila horiek nekez errekuperatu ahal izango dira.

Argazkia: Bárbara Boyero

Salvadorko abortuaren erabateko debekua justizia sozialeko arazoa da, emakume txiro eta gazteak kriminalizatu eta jazarri egiten dituztelako. Izan ere, salatu eta 30-50 urteko kartzela-zigorra ere ezartzen diete, herrialde horretan zigor hori ia-ia biziarteko kartzela denean.

No Replies to "Salvador, emakumeen kontrako lurra"

    Leave a reply

    Your email address will not be published.