Jorge Luis Mazo, Bella Vistako apaiza, eta Iñigo Egiluz, Paz y Tercer Mundo-Hirugarren Mundua ta Bakea erakundeko kooperantea, euren laguntza ematen ari ziren Kolonbiako Atratoko erkidegoen eta herrien lurraldearen eta bizitzaren aldeko borrokan.
1999ko azaroaren 18an, biak txalupa batean zihoazen misio humanitarioa betetzeko asmoz, talde paramilitar batek eraso egin zienean. Iñigo eta Jorge Luis hil egin zituzten. Iñigok azken gutunean adierazi zuenez, "Agerikoa denez, lurren jabe indarkeriaz eta inolako eskrupulurik gabe izan nahi duten pertsonen interesen aurkakoa da lan hau".
2001eko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak Kooperantearen 2000ko Saria eman zion Iñigo Egiluzi, hil ostean. Sari-banaketako ekitaldian, Emberá indioek kooperante gazteari eskaini zioten hitz ederra aipatu zuen Iñaki Markiegi Mundubatko presidenteak: "SoKrinchapanabari", hau da, "gogoan izango zaitugu beti eta bihotzaz ibiltzen jarraituko dugu".