Lekualdatutako eta errefuxiatutako biztanleentzako laguntza
Itzultzen eta berriro finkatzen laguntzen diegu euren borondatearen aurka euren lurretatik eta herrialdeetatik bota dituzten erkidegoei: Mexikon errefuxiatutako indigena guatemalarrak; El Salvadorreko eta Nikaraguako zibilak eta soldadu ohiak; Aljeriako kanpamentuetako errefuxiatu sahararrak; Chiapaseko indigenak; Kolonbian lekuz aldatutako indigenak, beltzak eta nekazariak; Palestinako erkidego beduinoak...
Garapen sozio-ekonomikoaren eta herri-ekonomien sustapena
Biztanleen autosufizientzia sozio-ekonomikoa eta garapen emankorra sendotu nahi ditugu honako hauen bidez: prestakuntza teknikoa eta administratiboa, ekipo eta kontsumo ondasunen hornikuntza, nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpena, azpiegituren eraikuntza eta hobekuntza, basoa berritzeko prozesua eta ingurumena biziberritzeko aukera. Herri-ekonomia izeneko garapen sozio-ekonomikoa bultzatzen da. Herri-ekonomietan -askatasun indibidualean eta sozialean eta neoliberalismoari aurre egiteko gaitasunean oinarritzen dira-, zenbait eratara antolatu daiteke jabetza; esate baterako, kooperatiba, banan-banako autogestioa edo ekoizleen-langileen elkarteak.
Prestakuntza edo hezkuntza osorako egitasmoak
Sustatzaile moduan prestatutako pertsonak erkidegoetako herri-prestatzaileak izatea dute helburu, autogarapenean eta autoantolamenduan oinarrituta euren premiei aurre egin diezaieten. Prestakuntza teknikoa ez ezik, hezkuntza eta osasun arloko prestakuntza ere bada garrantzitsua. Giza kapitalean egindako inbertsioa onena delako ustean oinarritzen dira egitasmo horiek.
Emakumeen jabekuntza
Osagai estrategikoa da emakumeei eta euren ekimenei emantzipazioaren ikuspegitik laguntzea. "Emakumeen jabekuntza" helburu duten proiektuak egiten dira: ekoizpen-proiektuak, trebakuntzak, emakumeen talde antolatuentzako laguntza eta ekoizpenerako zein mikroenpresetarako kredituak. Larrialdietarako ekintzei dagokienez, emakumeen partaidetza sustatzen da elikagaiak eta kontsumo-ondasunak jaso eta banatzeko orduan, erkidegoaren antolamenduan duten zeregina sendoagoa izan dadin.
Hiritarren partaidetzaren eta tokian tokiko boterearen finkapena
Partaidetzazko demokrazia lortzeko helburuan, hiritarren eta tokian tokiko entitateen jabekuntza sustatzea da gure erronka nagusietakoa. Gure ustez, hiritarren partaidetza balio demokratikoa da berez, autonomiaren, askatasunaren eta borrokaren adierazgarri da eta. Partaidetza hori ez da instituzioetara mugatu behar, gizarte osoan zabaldu behar delako. Horretarako, oinarrizko erakundeak eta elkarteen sareak birsortu behar dira.