1975. urteaz geroztik, Espainiak Mendebaldeko Sahara utzi eta Marokori eta Mauritaniari eman zienetik, zenbait fase dituen gatazka dago bertan:
- Urte horretan bertan, Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zuen eta gerra deklaratu zien inbasore berriei.
- 1979an, Mauritania gatazkatik irten zen eta Saharako herriaren autodeterminaziorako eskubidea onartu zuen. Urtebete geroago, Marokok 2.500 kilometroko harresia eraiki zuen iparraldetik hegoaldera, lurraldea eta biztanleak banatzeko. Harrezkero, 200.000 inguru lagun egoera ezin txarragoan bizi dira Aljeriako hamadan errefuxiatuta.
- 1991n, NBEren babespean, su-etena deklaratu zuten eta Bake Plana sinatu zuten. Horren arabera, autodeterminaziorako erreferenduma egiteko oinarriak ezarri ziren.
- Gaur egun Estatu Batuetako interes geoestrategikoek eragozpen handiak jartzen dituzte NBEren ebazpenak betetzeko eta erreferenduma egiteko. Izan ere, Estatu Batuek eskualde horretan duten aliatu garrantzitsuena da Maroko. Bestetik, Europako eta Estatu Batuetako nazioz gaindiko konpainien eta gobernuen interes ekonomikoak ere badaude jokoan.