Gaur egun, oraindik, palestinarrak atzerritarrak dira euren lurrean bertan, Israelgo estatuak euren estatu librea eta subiranoa sortzeko aukera ukatzen dielako. Gazan eta Zisjordanian bizi diren hiru milioi inguru lagunek, Israelen bizi diren milioi bat lagunek eta errefuxiatuta bizi diren seitik gora milioi lagunek euren bizimodua askatasunez aukeratzeko legezko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dute.
Nolanahi ere, AEBek ematen dioten laguntzari esker, Israelek ez ditu Nazio Batuen ebazpenak betetzen. Izan ere, behin baino gehiagotan (35 aldiz) eskatu diote 1967ko mugetatik alde egiteko eta okupatutako lurraldeetan finkatutako kolono juduen kokaguneak desegiteko.
2001eko irailaren 11ren ostean, Ariel Sharonen gobernuak eraso militarra jarri zuen abian, Palestinako gizartearen oinarri ekonomiko, sozial eta politiko guztiak behin betiko suntsitzeko asmoz.
Nahiz eta mende erdian zehar okupatuta bizi, eraso militarrak pairatu, Nazio Batuen ebazpenak urratu, baliabide ekonomikoak inoren kontrolpean egon, euren Giza Eskubideak zapaldu eta Israelen errepresioa etengabe jasan, herri hau ez da makurtu, bere oinarrizko eskubideak behin eta berriro zapaltzen dituztela ikusten ohituta badago ere: bizitzarako, osasunerako, hezkuntzarako, etxebizitzarako, zirkulazio librerako, lanerako... eskubidea.