Mundubat 1994an hasi zen Nikaraguan lan egiten. Gerraren ondoren desmobilizatutako biztanleen ekonomia sendotzeko proiektua jarri zuen abian. Proiektu hori Chontaleseko departamenduan garatu zen, gatazka armatuan gehien sufritu zuten eskualdeetako bat zen eta.
Garai hartan desmobilizatuen taldeekin egindako lanari esker, geure lana zehaztu ahal izan genuen, gizarteko beste sektore batzuetara zabaltzeko. Horrela, bada, harrezkero, sektore zaurgarrienen garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko osagaiak eskaintzea da jarduketa-lerro nagusia.
Hona hemen Mundubatren lanaren oinarrizko abiaburuak: autogestionatutako lan autonomoaren baldintzak hobetzeko apustua, nekazarien eta hiritarren erakundeen sareen finkapena, biztanleen partaidetzaren sustapena eta tokian tokiko boterearen menpe dauden taldeentzako atentzioa, emakumeen kasuan gertatzen den bezala.
Garapenaren aldeko apustu hori hondamendi naturalek erasandako eremuetan ere jarri da abian; esate baterako, 1998an Mitch urakanaren erasoa nozitu zuten eremuetan. Garai hartan, El Viejoko eta Malacatoyako emakume eta gizonek argi eta garbi utzi zuten urakanak euren etxeak eraman zituela, baina euren duintasuna eta etorkizun hobea eraikitzeko itxaropena, ez, ordea.