El Salvadorreko Chalatenangoko departamendu menditsuko hamaka-zubia eraikitzea izan zen Mundubat-ek nazioarteko lankidetzarako erakunde moduan egin zuen lehenengo ekintza edo "proiektua", gaur egun esaten den bezala. 1988. urtean izan zen, eta senideak hiltzen zituen gerra zibilean murgilduta zegoen herrialdea.
Hamaka-zubi horretatik erkidegoekin sortutako lotura estuen ondorioz, azken hamabost urteotako bilakaera politikoaren lekuko izateko aukera eduki genuen. Horrela, bada, babeslekuan lagundu genien, elkarrekin lan egin genuen gatazka armatua gori-gori zegoenean eta antolamendua sendotzen lagundu genien, egunen batean euren herrialdera itzultzeko aukera izan zezaten. Era berean, eurekin egon ginen iheslarien eremuetatik itzuli zirenean eta 1992an bake-hitzarmenak sinatu zirenean. Euren lurretara itzuli zirenean, eskubide oinarrizkoenen duintasunaren eta errespetuaren alde borrokatu behar izan zuten erkidegoek. Urte horietan, familiak berriro elkartu ziren eta gogor lan egin zuten berreskuratutako lurretan. Izan ere, egun horietan hasi ziren gerraren osteko lehen etxeetako zimenduak jartzen.
Ziklo hori sinbolikoki itxi zen Lurrak Transferitzeko Egitasmoko (PTT) azken proiektu handia 1999tik 2001era betearazi zenean. Horri esker, bake-hitzarmenak sinatu zirenetik bederatzi urte igarotakoan itzuli ziren azken erkidegoek etxe berriak erosten zituzten, euren lurrak ereiten zituzten eta euren lehen produktuak biltzen zituzten.
Gaur egun, tokian tokiko garapenerako, herri-ekonomietarako eta hiritarren partaidetzarako proposamenak daramatzagu aurrera. Horrez gain, euren elikaduraren subiranotasuna eta lan duinerako eskubidea defendatzen ditugu.